Zanbrana
1744ra arte legez Beranturiri lotutako herrixka zen, Filipe V.ak hiribildu titulua eman zion arte. Zanbranako hirigunean nabarmenak dira, besteak beste, armarriarekiko etxe batzuk, Santa Luzia eliza eta Crucero delakoa. Bere aldetik, Zabalatek Erdi Aroan gaztelu garrantzitsua izan zuen, eta oraindik haren hondarrak daude herriaren gainaldeko muinoan. Handik ikuspegi ederrak ditugu, eta toki bikaina da txango txikiren bat egiteko. Zabalateko gazteluak izandako garrantziaren erakusgai, Arabako armarriaren erdiko irudian azaltzen da. 1294ko dokumentu batean ageri da «Arabako Foru Probitzia txit noble eta txit leial»eko armarriaren eredu izan zen zigilua. Herriko kondaira batek dioskunez, gazteluan bada aldi berean zazpi ibai ikusten diren leku bat, eta azpian altxor berezi bat dago: urrezko zezena. Zabaleko gazteluaren ingurua paisaia zoragarria da, ibilaldi egun baterako paregabean. Ocion, Lanos izeneko haitz zorrotzaren gainean, gotorleku zahar baten hondarrak daude. Dorrearen eta inguratzen zuen harresiaren zati bat zutik dago oraindik. Erdi Aroan harresia zen inguru honetan defendatzeko modurik ohikoena. Muino horretatik Erdi Aroko biderik erabilienetariko bat ikusten da. Bergantzun Sarmientotarrek dorre bat eraikiarazi zuten. Gero, haren hondarren gainean San Migel eliza egin zuten, eta oraindik ere han dago estilo erromanistako oholtza polit bat. |