irudia:Añanako Koadrila
irudia:Añanako Koadrila
irudia:Añanako Koadrila   Gaubea
Lantaron
Gesaltza
Kuartango
Erribera Goitia
Erribera Beitia
Iruña-Oka
Aramiñon
Beranturi
Zanbrana
 

 

Gaubea
gora

Azalera 238,5 Km2
Garaiera 552 m.
Biztanleak (INE 2006) 1.076
Herriguneak: Batxikabo, Barrio, Basabe, Boveda, Karkamu, Corro, Espejo, Osma, Lizarraga, Ginea, Gurendes-Kexo, Nograro, Pinedo, Quintanilla, Tobillas, Tosta, Valderejo, Valluerca, Villamaderne, Bilanane, Uribarri Gaubea.
Mendilerroaren irudia

Antzina-antzinatik bizi izan da jendea hemen, eta oraindik ere baditugu horren aztarna interesgarriak: besteak beste, Corroko eta Pinedoko haitzulo artifizialak, Santa Luzia eta Santa Olalla nekropolia (Corro), eta San Martin de Valparaiso (Uribarri Gaubea) eta Lastrako historiaurreko herrixka gotortuak (Karanka).

Erdi Aroan toki garrantzitsua izan zen zona guztia, Araba eta Gaztela itsasorantz batzen zituzten bideak zaintzeko. Erromatarren garaian, Astorga eta Bordele Urduña mendatetik Bizkaiko Golkoarekin lotzen zituen galtzada Bilananetik hurbil igarotzen zen. Garai hartan izandako garrantziaren testigantza ugari dugu: dorretxeak, jauregiak… Horien artetik nabarmentzekoa dugu Varonatarren dorrea, Bilananen. XIV. mendearen amaieran eraikia, duela gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik ere jatorrizko egitura mantentzen du, baita lubanarroa ere. Bilananetik hurbil, Tumecillo ibaiaren ondoan, Nuestra Señora de Angosto santutegia dago paisaia ederrez inguratua; zuhaiztien artean, sua egiteko tokiak, bankuak eta mahaiak. Barruan Andre Mariaren Erdi Aroko irudi interesgarria dago; erdialdean, XVI. mendeko oholtza ederra. Gainera, erromeriatarako lekua da eta inguruko elizkoi ugari joaten da.

Zutik dirauten dorreen artean ditugu, besteak beste, XVI. mendeko Luiaondo eta Hurtado de Mendozatarrena (Espejo) eta Salazartarrena (Nograro), XIV edo XV. mendekoa. Tostan udalerriko eraikinik esanguratsuenetarikoa dugu, hots, Jasokundeko Andre Mariaren eliza, trantsizioko erromanikokoa.

Orobat, ikustekoa da, Uribarri Gaubean, Valderojoko Parke Naturala, 1992an parke natural izendatua. Kareharrizko mendien hormatzarrez inguratua dago; Recuenco (1.239 m) eta Vallegrull (1.226 m) dira handienak. Askotariko landareak daude han, hala nola, baso mistoak, pagadiak, hariztiak, pinudiak eta serbal eta hurritz bakar batzuk. Ekosistema anitzei esker, eta han gizakia ez delako asko ibili, parkean fauna aberatsa eta anitza gorde da. Besteak beste, sai arrea ikusi ahal izango dugu, hain zuzen, parkearen sinbolotzat aukeratu dutena. Puron ibaiaren haitzarteak, Burgosko ibarretarako pasabide naturala den sakanak, irudi ikusgarriak eskaintzen dizkigu. Parkean harrera egiten digun harria da Lalastra, eta han biltzen dira zerbitzu guztiak.

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Lantaron
gora

Azalera 61,8 Km2 Garaiera 460 m.
Biztanleak (INE 2006) 957
Herriguneak: Alcedo, Bergonda, Kaizedo Behekoa, Komunioi, Iturriestaria, Leziñana, Molinilla, Puente Larra, Saratsu, Sobron, Turiso eta Zubillaga.

Egungo udalerria 1978an eratu zen, Bergonda eta Saratsu udalerriak batu zirenean.
Antza denez, Sobron inguruetan hiribildu bat existitu zen antzinatik eta Lantaron zuen izena, X. mendeko dokumentuetan azaltzen denez.

Komunioi herrigunean San Kornelioren eta San Ziprianoren eliza nabarmentzen da, estilo erromanikoko leihatearekin.

Iturriestarian, Erdi Aroko bi dorreak gailentzen dira. Handienak (Orgaztarren dorrea) multzo paregabea egiten du jauregi atxikiarekin eta gotorlekuaren hondarrekin batera. XV. mendearen amaieran edo XVI.aren hasieran eraiki zuten, eta gaur egun Micaela Portilla Eskola Lantegia dago han. Bigarrena Kondestablearen dorrea da, eta Solorzanotarrena izan zen.

Bergonda Omecillo ibaiaren ertzean dago, eta haren gainean zubi eder bat, batzuen ustez erromatarren garaikoa. Elkarrengandik hurbil dauden bi auzok osatzen dute Sobron. Ebro ibaiaren ondokoak kirol instalazioak eta kanpaleku zabalak ditu. Era berean, turistentzako ostatua ere badu, sasoi batean bainuetxe izandakoa. Paisaia malkartsua du, ibaiertzean haitz handiekin.

Leziñana eta Molinilla artean La Mina-ko trikuharria dago, Arabako monumentu megalitiko garrantzitsuenetarikoa. Saratsun ere aurkitu zuten beste trikuharri bat, hain zuzen ere, Lastra-koa.

Orgazdarren Dorreko irudia

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Gesaltza
gora

Azalera 21,9 Km2 Garaiera 531 m.
Biztanleak (INE 2006) 182
Herriguneak: Atiaga eta Gesaltza.

Gesaltzaren historia gatzaren historiarena da. Izan ere, gatza oso ongailu eta kontserbatzaile garrantzitsua izan zen denbora askoan, eta haren inguruan garatu zen herria Erdi Aroan. Ur gaziko iturriak eta gatzaren jarduera jada 822. urtetik dago dokumentatua, hain zuzen, arabiarrek 865ean Gesaltza okupatu baino urte batzuk lehentxeago. Alfontso I. Borrokalaria-k 1.126an orain dagoen lekuan jendeztatzea agindu zuen, eta horrenbestez Arabako hiribildu zaharrena da. Alfontso VI.ak 1.140an eman zion forua. Ekonomia izaerako forua zen, eta horrek gatzaren ekoizpena eta merkatua bultzatu zituen, eta Gesaltza penintsulako iparraldeko hiri gutiziatuenetariko bihurtu.

Gatzagak dira paisaiaren ezaugarri. Egurrezko zutabeen eta harrizko hesien gaineko plataforma soilak dira, taldeetan banatuak. Horietako bakoitzak biltegi (terrazo) bat edo bi ditu, ateratako gatza gordetzeko. Muera ibaiko urak lurrunduta ateratzen da gatza. Lurraren desnibelaz baliatzen dira ibaiko urak gatzagetara bideratzeko.

Gaur egun gatzagak zaharberritzen hasi dira, gatza ustiatzeari utzi ziotenetik hondatuta baitzeuden. Herria ikusteaz gain San Juan de Acreren Komendadoreen komentua bisita daiteke, eta Santa Maria de Villacones eliza ere. Azken horrek XIII. mendeko zenbait elementu gordetzen ditu oraindik, egungo eraikina XV. mendearen amaierakoa eta XVI.aren hasierakoa den arren. Ozpinatarren jauregia gaur egun Erdi Aroko kutsuko hotela da. Herrandarren jauregia, La Carrera kalearen goialdean, XVII. mendean eginarazitako estilo barrokoaren adierazgarri da.

Gatzagaren irudia

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Kuartango
gora

Azalera 84,4 Km2 Garaiera 594 m.
Biztanleak (INE 2006) 364 hab.
Herriguneak: Anda, Andagoia, Aprikano, Artxua, Arriano, Katadiano, Gilarte, Etxabarri, Inurrieta, Jokano, Luna, Marinda, Santa Eulalia, Sendadiano, Tortura, Urbina Basabe, Urbina Eza, Uribarri, Villamanca eta Zuhatzu Koartango.
Arkamo mendilerroaren irudia


Garai batean Koartangoko harana Aiarako jaurerrikoa izan zen, XVI. mendean desegin zen arte. Erdi Aroan hainbat dorretxe egon zen, baina asko eta asko jada desagertu egin dira, konparazio, Lunako Corcuera, Jokanoko Artazuela… Jokanon nabarmentzekoak dira baita Solacueva leizean diren historiaurreko aztarnategi batzuk ere, labar pintura interesgarriekin.

Zuhatzu Koartangon bainuetxe zaharraren eraikina zutik da oraindik ibaiertzean. Toki egokia da gainera udan kanpatzeko.

Ibar guztia natura ingurune paregabea da, bai paisaiaren aldetik, bai floraren eta faunaren aldetik. Alabaina, udalerriko toki interesgarrienen artean nabarmentzekoak dira:

Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia, Katadiano herrigunetik hurbil. Nabe bakarra du, hiru aldarerekin, eta nabarmentzekoa da XVI. mendeko harlanduzko oholtza. Santutegi inguruan aisialdirako gunea dago.

Katadianoko lau trikuharrien multzoa. Gizakien hondakinak, silexezko erremintak eta apaingarriak aurkitu dituzte.

Hirutasun Santuaren baseliza, paisaia ederrean, Gilartetik 1,5 kilometrora. Erromeria lekua zen, eta orain Corpus Christi egunaren hurrengo egunean egiten da erromeri.

Trinidad aisialdi parkea, Lunan.

Guibijoko otsotegiko ehiza barrutia, Arangatxas izeneko ingurunean.

Urbina Basabeko Urbina oinetxearen etxe nagusia, hauek guztiek osatzen dutena: monasterio eliza; defentsarako dorrea, elizari atxikia; eta garrantzi gutxiagoko beste eraikin batzuk, aurrekoen ondoan.

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Erribera Goitia
gora

Azalera 119,8 Km2 Garaiera 549 m.
Biztanleak (INE 2006) 602
Herriguneak Antezana, Anuzita, Arbigano, Arreo, Artatza, Barboa, Basquiñuelas, Kaizedo Goikoa, Gaztelu, Haizkoeta, Hereña, Lasierra, Leziñana Oka, Morillas, Laniuri, Urbilana, Padul, Pobes, San Migel, Subilana Morillas, Tuiu, Biloria, Bezanauri, Villaluenga, Villambrosa.

X. mendekoak dira Erribera Goitiko herriei buruzko lehenengo aipamenak, hain zuzen, Donemiliaga Kukulako Reja de San Millán deritzon dokumentukoak. Historian garrantzizko gune estrategikoa izan da, menpean baitzituen Gaztelatik itsasorako bideak: Baia ibaitik Nerbioi ibaira, eta Lacozmontetik Enkartazioetara doazen bideak, alegia. Gasteizko bide erabilienetariko batean zegoenez, Erdi Aroan kokagune gutiziatua izan zen defentsarako, bereziki dorretxeak eta gezileihoak jarri, eta bideak zelatatu eta kontrolatzeko. Historiako une horretako arkitektura ondarea gelditzen zaigu, orduko garrantziaren erakusgarri.


Pobes, udalerriko hiriburua, merkataritza zentro eta herrietako biztanleen bilgune da. Pobesko Jasokundearen elizak antzinako Carasta herritik ekarritako portada ederra du.

Subilana inguruetan Gobaederra kobazuloa dago, Techako lurretan. Leizezuloari «belar luzeena» izena ere ematen zaio, eta arkeologia hondarrak aurkitu dituzte han.

Barboan XIV. eta XV. mendeetan eraikitako dorre bat dago, hiru solairukoa. Gaur egun nekazalturismoko ostatu da.

Leziñana Okak oraindik Erdi Aroko defentsarako egiturak mantentzen ditu. Etxe gotortuak daude herriko harresian, eta herriko sarreran nabarmentzen da Formerio Salazarrena izan zen etxea.

Pobesko Geltokia


Anuzitan atseden hartzeko eta lasai egoteko txoko ezin hobea dago eliza inguruan, ibaiertzeko landa batean.

Arkamo bezalako mendilerro zuhaiztsuan berezko ezkutaleku ugari dago. Gainera ganadu asko dagoenez, ohikoa izan da otsoak egotea. Hain zuzen, otso asko zegoelako sortu zen Barboako otsotegia duela 200 urte baino gehiago. Otsotegiak mendian egiten diren eraikin handiak dira. Lubanarro batean elkartzen diren bi hormek osatzen dute batez ere. Harriekin eraiki ohi zuten guztia, kareore gabe. Harri handiagoekin hegal bat egin ohi zuten otsoek ez saltatzeko. Otsoak harrapatzeko uxaldi handiak egiten zituzten. Otsoa erasotzen zuten otsotegian sartzeko, lubanarrora eror zedin lasterka egitera behartuz.

Kaizedo Behekoako aintzirak interes handia du ekologia aldetik, hegazti ugarik egiten baitu habia hango landaredian. Legendak dioenez, eskale bati limosna ukatu zion benta bat ondoratu zenean sortu zen aintzira, ustezko eskalea Andre Maria baitzen.

Badira urte batzuk Pobesen babarrun pikartaren feria egiten dela. Hain ezagun egin da, milaka lagun etortzen baita urtero (urriko bigarren igandean). Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak erakutsi, saldu eta dastatzeko eman ohi dituzte.

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Erribera Beitia
gora

Azalera 27,7 Km2 Garaiera 482 m.
Biztanleak
(INE 2006) 1.098
Herriguneak:
Igaegi, Sagastieta, Melledes, Quintanilla de la Ribera, Ribaguda eta Rivabellosa. Herri horiek eta Saratsuk Las siete villas izeneko taldea osatzen zuten, Erribera Ermandadearen barruan.

1463. urtean Arabako bizitza zibila, juridikoa eta penala 400 urtez arautu zuten ordenantzak emateko bilerak egin zituzten Rivabellosan.

Udalerriko buru den herriko hirigunean nabarmentzen dira XV. mendeko eliza eta Saez de Santamariaren jauregia. Jauregia elizari lotzen zaio albo batetik, erdi puntuko lau arkuko galeria baten bidez. Arkuak binaka banatuak daude, erdian nobletasuna ematen dion armarriarekin («Credo in unum Deum» du idatzita). Oro har, aipa dezagun dorreak eraikinaren horizontaltasuna apurtzen duela.

Udalerrian badira txango politak egiteko tokiak, hala nola Igaegiko iturria, eta erreka inguruko beste batzuk Rivabellosan. .

Sáez de Santamaríaren Jauregiko irudia

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Iruña-Oka
gora

Azalera 53,2 Km2 Garaiera 594 m.
Biztanleak (INE 2006) 2.437
Herriguneak: Langraiz Oka, Mandaita, Olabarri, Trasponte eta Biloda.
Erromatar zubiaren irudia

Langraiz Oka Orgaz kondearen jaurerrikoa izan zen , eta XIX. mendera arte haren dorre edo gotorleku izan zen.

Herria asko hedatu bada ere, oraindik baditu zenbait eraikuntza interesgarri, konparazio batera, Andre Mariaren eliza, jatorrizko eraikinaren hondar erromanikoren batzuk dituena. Atzealdean abside erromanikoa du, leihate eder batekin.

Herriaren kanpoaldean menesestarren eskola dago. Ur termalen iturria du, eta bainuetxe zaharrerako erabiltzen zuten.

Inguruetan paseatzeko eta naturaz gozatzeko lekuak daude, besteak beste, Escobillon. Berdegune zabala da, eta gaztelu zahar baten hondarrak bisitatzeko aukera izango dugu.

Trasponten Zadorra zeharkatzen duen zubia da udalerriko eraikinik enblematikoenetarikoa, erdi puntuko hamahiru arkurekin. Handik hurbil Iruñako oppidum-a dago, Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzadako barruti hesitu garrantzitsua. Dirudienez, Burdin Aroan herrigune izan zen, eta mende batzuk geroago erromatarrek Iruña populatua eraiki zuten haren gainean.

Biloda herrigune txikian erromatarren garaiko beste zubi bat dago, 10 begikoa, baina ez du jatorriko itxura gordetzen. Iruña zaharrarekin lotzen zen. Bilodako eraikin nabarmenen artean, aipatzekoa da San Kristobal eliza, XVI. mendekoa.

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Aramiñon
gora


Azalera 10,6 Km2 Garaiera 467 m.
Biztanleak
(INE 2006) 179
Herriguneak: Aramiñon, Estabelu eta Lagrozana.

Estabelurekin batera, Aramiñon probintziako ermandaderik zaharrenetarikoa zen.

Aramiñon Zadorra ibaiaren ertzeko herrigune txikia da. Aipatzekoak dira gainera, Zadorrako erriberek paseatzeko eta atseden hartzeko eskaintzen dituzten toki atseginak. Herri lasai eta atsegina da, eta baditu zenbait eraikin interesgarri, besteak beste Teran markesaren jauregia edo San Andres Apostoluaren eliza. Halaber, eliza barruan XVIII. mendeko oholtza dago. Baina toki guztien artean, berezienetarikoa da Zadorra gaineko zubia, duela gutxi eraberritua.

Armiñondik oso gertu Estabelu dago. Estabeluko eraikin aipagarrien artean, nabarmentzekoa da San Martin eliza. XVI. mendean eraiki zuten, eta portada gotiko interesgarria du. XVI. mendekoak dira baita erdiko eta ezkerraldeko oholtzak ere, oraindik ere barruan dituenak.

Armiñondik Zanbranara bidean Lagrozana dago, Zadorra eta Aiuda ibaiak batzen diren parean. Han Hurtado de Mendozatarren dorretxea dago. Paisaia ederrak inguratzen du, aurrez aurre zuhaizti batekin. Oinarrian duen lauki itxurako dorrea goialdean almenaduna da.

Montoya-Urbina jauregiko irudia

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu: www.cuadrilladeanana.es/arminon

Argazkiak

 

Beranturi
gora


Azalera 35,7 Km2 Garaiera 479 m.
Biztanleak (INE 2006) 442
Herriguneak: Beranturi, Eskarantza, Lizeizuri, Lacorzanilla, Mixankas, Santa Cruz del Fierro, Santurde eta Tobera.

Beranturiko lurrak okupatu zituztenaren daturik zaharrenak historiaurrekoak dira. Izan ere, Rojo ibaiaren arroan bizi izan zen gizakia, neolitikotik hasi eta Erromatarren aurreko garaira arte. Horren lekuko dugu Vetrusa aztarnategia. .


Beranturi hiribilduak 1299an jaso zuen titulua Fernando VI.aren pribilegioz. Lur horizontalean dago, lubanarro naturaltzat erabili zuten Aiuda ibaiaren ertzean. Herria inguratzen zuen harresia zuen. Alabaina, gaur Kale Nagusiko 4. etxean baino ez da geratzen. Hiru dorreetako bat omen zen.

Herriko oinetxe ugarik armarria du, batez ere Kale Nagusian. Jasokundeko Andre Mariaren elizan Justo Antonio Olagibelen dorre liraina gailentzen da, eta XVIII. mendearen hasierako oholtza nagusia, churriguereskoa.

Hirigunetik hurbil, ibaiertzean, Linares aisialdirako parkea dago futbol zelai, erretegi, mahai, eserleku, haurrentzako jolas eta guzti. Toki egokia da naturako egun batez gozatzeko.

Udalerriko hiriburutik kanpo ere badira eraikuntza interesgarriak. Konparazio batera, Santurdeko San Jurgi eliza, portada erromaniko ederra duena, eta Toberako Andre Mariarena, hori ere erromanikoa (XIII. mendekoa), baina hain ondo gorde ez dena
.

Beranturi Kale Nagusiko irudia

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak

 

Zanbrana
gora

Azalera 39,5 Km2 Garaiera 459 m.
Biztanleak (INE 2006) 362
Herriguneak Bergantzu, Ocio, Zabalate eta Zanbrana.
Portilla gazteluaren irudia

1744ra arte legez Beranturiri lotutako herrixka zen, Filipe V.ak hiribildu titulua eman zion arte.

Zanbranako hirigunean nabarmenak dira, besteak beste, armarriarekiko etxe batzuk, Santa Luzia eliza eta Crucero delakoa.

Zabalatek Erdi Aroan gaztelu garrantzitsua izan zuen, eta oraindik haren hondarrak daude herriaren gainaldeko muinoan. Handik ikuspegi ederrak ditugu, eta toki bikaina da txango txikiren bat egiteko.

Zabalateko gazteluak izandako garrantziaren erakusgai, Arabako armarriaren erdiko irudian azaltzen da. 1294ko dokumentu batean ageri da «Arabako Foru Probitzia txit noble eta txit leial»eko armarriaren eredu izan zen zigilua. Herriko kondaira batek dioskunez, gazteluan bada aldi berean zazpi ibai ikusten diren leku bat, eta azpian altxor berezi bat dago: urrezko zezena. Zabaleko gazteluaren ingurua paisaia zoragarria da, ibilaldi egun baterako paregabean.

Ocion, Lanos izeneko haitz zorrotzaren gainean, gotorleku zahar baten hondarrak daude. Dorrearen eta inguratzen zuen harresiaren zati bat zutik dago oraindik. Erdi Aroan harresia zen inguru honetan defendatzeko modurik ohikoena. Muino horretatik Erdi Aroko biderik erabilienetariko bat ikusten da.

Bergantzun Sarmientotarrek dorre bat eraikiarazi zuten. Gero, haren hondarren gainean San Migel eliza egin zuten, eta oraindik ere han dago estilo erromanistako oholtza polit bat.

Hobeto ezagutu nahi bagaituzu sartu gure web gunean

Argazkiak