Añana Tourism
Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren XXII. Jaialdia

Araiako Umore Antzerkiaren XXII. Jaialdiak datorren abuztuaren 12an altxatuko du oihala, badituelarik egitarauan, Asparrenean ematekoak diren 12 ikuskizunez gain, 25 ikuskizun Araiatik kanpo, kalean lan egiten duten konpainiek 17 herritan ematekoak.

“Jaialdi honek 22 urte daramatza ezin egokiago lanean, interesa pizten du lehen bezala, eta oihartzuna du Arabako lurraldea baino askoz harago, eta, hori dela-eta, udako ekitaldirik ospetsuenetakoa da Euskal Herriko kultur eremuan”. Hala baieztatu du Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatu Igone Martínez de Lunak, jaialdia aurkezterakoan.

Ekimen honek, zeina Porpol antzerki taldearen kar eta gogoari esker hasi baitzen, barneko zein aire zabaleko antzezlanak dakartza urtero-urtero, ume nahiz helduentzat, euskaraz, gaztelaniaz nahiz keinuaren hizkuntza unibertsalean, Euskal Herriko produkzioek nahiz Estatuko beste batzuek eta nazioartekoek emanik.

Antzerki eskaintza hau bi blokek osatzen dute: batetik, Araian ematekoa den bloke nagusia, abuztuaren 12tik 16ra bitartean, 12 emankizunez osatua, eta, bestetik, herriz herrikoa, abuztuaren 14tik 29ra bitartean, 25 emankizunez osatua, Arabako Lurralde Historikoko 17 herritan ematekoa.

Jaialdiak, hasiera-hasieratik, erakundeen babesa izan du, zehatz esanik, Arabako Foru Aldundiarena. Edizio honetarako, Arabako Foru Aldundiak 12. 000 euro eman ditu, eta moldiztegi lan guztiak ordaindu, Araian ematekoak diren hamabi antzezlanetarako, eta, herriz herriko zatirako, berriz, 24.750 euro, ikusirik zeinen nabarmenki hazi den udalen eskaera; bestalde, udalek gastuen erdia ordaindu dute. Zenbateko hori aurreko edizioko aurrekontua baino % 50 gehiago da, zeina 18.000 euro izan baitzen.

Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak Consuelo Auzmendi Asparreneko alkatearen eta Javier Alkorta Umore Antzerkiaren Jaialdiaren zuzendariaren ondoan aurkeztu du jaialdia. Bere hitzaldian, jaialdiaren bizi luzea nabarmendu du, 22 urte egin baititu aurten, eta jendearen artean izan duen arrakasta handia, Araban ez ezik, baita ere Euskal Herriko eta Estatuko hainbat lekutan ere. Horregatik guztiagatik, bere irudiko, jaialdi hau “udako ekitaldirik ospetsuenetakoa da Euskal Herriko kultur eremuan”.

Araian egitekoa den jaialdiaren zatirako sarrerak Gasteizko Casa del Libro liburu-dendan daude aldez aurretik salgai (Arka kalea, 11), eta Aguraingo turismo bulegoan eta Araiako Casino tabernan ere bai.
Jaialdiari buruzko argibideak, telefono honetan: 678 731 698

Argibide gehiago, web orri honetan: www.jaraialdia.com. Horko fitxategietan dago emankizunen egitaraua, tauletan antolatua.

 

EMANKIZUNAK AÑANAN

Abuztuak 13

Marcel Gros “Particular” Kuartangoko igerilekuetan 19:30ean

Abuztuak 15

Marcel Gros “Particular” Ribavellosako enparantzan 20:00etan

Ortzi Acosta “Ilusioa” 19:30ean Sobron Alton

Abuztuak 22

Circotito “Despistados” 20:00etan Manzanos-en

Abuztuak 28

Maintomano “Ekilibua” Gatz Haranean 20:00etan (Añana-Gesaltza)

Abuztuak 29

Ortzi Acosta “Ilusioa” 20:00etan Zanbranako igerilekuetan

4

 



Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© Añanako kuadrilla | Ohar Legala | Añanako kuadrillara joan |
Foru enparantza, 11 · 01213 Rivabellosa (Araba/Álava) · Tel.: 945 355089 · Faxa: 945 355053
e-mail: turismo@cuadrilladeanana.es