Añana Tourism
“Errauliak eta olio kakalardoak” erakusketa Valderejon

Gorbeiako eta Valderejoko parketxeetan izango dira “Errauliak eta olio kakalardoak” izeneko argazki erakusketa eta “Ilustraciencia” izeneko irudigintza zientifikoari buruzko erakusketa, hurrenez hurren. Bi erakusketa horiek bata bestearen ostean izango dira parketxeetan, Gorbeiakoan nahiz Valderejokoan, abenduaren amaiera arte.

Gorbeiara doazenek aukera izango dute Marío García MNCN Natur Zientzietako Estatuko Museoko Biodibertsitate eta Biologia Ebolutiboko Saileko ikertzaileak egindako argazkiak gozatzeko. Bat-bateko argazkiak dira, xehetasun guztiez jasotzen dituztenak Meloidae familiako kakalardoen kolore, forma eta tamaina ezin konta ahalakoak; haietako batzuek biologia harrigarria dute, antzinatetik ezaguna, beren organismoan gai hilgarri bat edukitzeagatik, kantaridina izenekoa, zeina, dosi txikitan, pizgarri sexual gisa baliatu izan baita, eta litekeena da bera izatea Fernando Katolikoari heriotza eragin ziona.
Zehazki, Meloidae familia osatzen dute olio kakalardoek (Berberomeloe majalis) eta kantaridek, tamaina ertaineko edo handiko koleopteroak batzuk zein besteak, beren organismoan kantaridina kontzentrazio handia dutenak. Iberiar penintsulan badira familia horretako ia 70 espezie, oso kopuru handia, beste europar herrialde batzuetakoekin alderatuz gero. Gainera, olio kakalardoen eta kantariden hainbat espezie, gure inguruan bizi direnak, endemikoak eta bakarrak dira, hala nola olio kakalardo koralinoa (Physomeloe corallifer).
Ilustraciencia, ezagutzaren zabalkundea marrazkien bidez egitea
Beste alde batetik, “Ilustraciencia” Irudigintza Zientifikoko Nazioarteko Sariaren hirugarren aldiaren erakusketan, Valderejora bisitan doazenek aukera izango dute irudigile onenen lanak ezagutzeko; haiek, beren lanarekin, jende guztiarengana zabaltzen dute biodibertsitatearen gaineko ezagutza, zorroztasun eta zehaztasun handiz eginez espezie bakoitzaren argazkia.
Erakusketa ibiltari honetan, 40 irudi hautatu dira, epaimahaiak saritutako Acronicus longimanus male and female izenekoa barne, Jorge Ignacio Mesa Alvarezena, edo Psalidognathus friendii izenekoa, Astolfo Mata Betancourt-ena.
Jabeturik irudigintzak historian zehar nolako zeregin axolazkoa jokatu duen, “Ilustraciencia” –Irudi Zientifikoen Nazioarteko Saria- izeneko ekimen honek, datozen hilabeteetan Arabako natura parkeetan zehar ibiliz, agerira ekartzen du irudigileen lanaren balioa, haiek zientziaren zabalkundea irudiaren bidez egiteko zereginean ematen baitute bizitza.
Datak eta lekua
“Kantaridak eta olio kakalardoak” izeneko erakusketa irailaren 30a arte izango da Gorbeiako parketxean, eta Valderejokoan urriaren 1etik abenduaren 31 arte. Bestalde, “Ilustraciencia” erakusketa Valderejon izango da irailaren amaiera arte, eta, gero, Gorbeian, abendua arte.

Kartela ikusi



Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© Añanako kuadrilla | Ohar Legala | Añanako kuadrillara joan |
Foru enparantza, 11 · 01213 Rivabellosa (Araba/Álava) · Tel.: 945 355089 · Faxa: 945 355053
e-mail: turismo@cuadrilladeanana.es