Añana Tourism
Gatz Haranak bere bisita kopuruaren marka gainditu du zortzi hilabetetan

Añanako Gatz Harana Arabako eta Euskal Herriko helmuga turistiko eta kultural berezi eta garrantzitsuenetarikoa da. Hori adierazten du, behinik behin, bisitari kopuruak. Aurten, abuztuaren 15a bitartean, 51.250 pertsonak ikusi dituzte Añanako gatzagak, bisitarien marka berria, alegia.

Gatz Haranak 2013an izan zuen bere bisita kopuru gorena 51.145 bisitarirekin, baina marka hori gainditu du dagoeneko. Hilabete bakarreko erregistro altuena joan den ekainekoa izan da: 12.017 pertsona izan ziren Gatz Harana ikusten. Horren aurreko marka 2013ko abuztukoa zen, 10.558 pertsonarekin.

Bisitarien jatorria honakoa da: Euskal Herria % 55, Espainia % 37 eta atzerria % 8. Lehen zortzi hilabeteetan zehar, nabarmentzekoak dira Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako ikastetxeen bisitak.

Bisita guztiak gidatuak dira, taldeko 30 pertsonako gehieneko kopuruarekin. Bisitari kopuruaren igoera nabarmena izanagatik ere, uneoro dago bermatuta Gatz Haranaren jasangarritasuna. Interesa dutenek www.vallesalado.com webgunean edota 945 35 11 11 telefonoan egin dezakete erreserba.

Bisitari kopuruaren igoera nabarmenak eragina dauka diru-sarreretan. Uztailaren 31 bitartean, Añanako Gatz Harana Fundazioak 292.818 euro fakturatu ditu bisita, Añanako Gatz salmenta eta merchandising-ean, iazko denbora tarte berdineko 160.136 euroen aldean.

Gatz Harana Repsol Gidako 2014ko Txokorik Onena izateko hautagaia da uneotan. Finalerdietan, Alcantarako Zubia (Extremadura) du aurrez aurre. Lortutako bozka bakoitzeko Añanako Gatz Harana Fundazioak 10 gramo gatz emango dizkio Elikagaien bankuari. Orain arteko kanporaketetan lortutako 50.000 bozek 500 kilo Añanako Gatz bideratuko dituzte Elikagaien Bankura.

Sormen eta gizarte-garapeneko eredua

Gainera, Espainiako Hiri  eta Lurralde Sortzaileen III. Forumak Añanako gatzagen berreskurapen integralerako eta balioa agerian uzteko proiektua hautatu berri du sormen eta gizarte-garapeneko eredu gisa. Hautagaitzak baloratzeko ardura zuen Nazioarteko Adituen Batzordeak ondarearen berreskurapenaren eredua dela ebatzi du, balioa paregabea duen paisaia zorroztasun teknikoz berreskuratzeaz gain, prozesu osoa lehen mailako turismo kulturala sortzen laguntzen ari delako, baita gizarte-garapena, enplegua, tokiko komunitatearentzako aukera berriak eta identitate, kultur-aniztasun eta gizarte-kohesio sentimenduak ere, eta hori guztia garapen iraunkorretik abiatuta.



Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© Añanako kuadrilla | Ohar Legala | Añanako kuadrillara joan |
Foru enparantza, 11 · 01213 Rivabellosa (Araba/Álava) · Tel.: 945 355089 · Faxa: 945 355053
e-mail: turismo@cuadrilladeanana.es