Beranturi
Beranturiko lurrak okupatu zituztenaren daturik zaharrenak historiaurrekoak dira. Izan ere, Rojo ibaiaren arroan bizi izan zen gizakia, neolitikotik hasi eta Erromatarren aurreko garaira arte. Horren lekuko dugu Vetrusa aztarnategia. . Beranturi hiribilduak 1299an jaso zuen titulua Fernando VI.aren pribilegioz. Lur horizontalean dago, lubanarro naturaltzat erabili zuten Aiuda ibaiaren ertzean. Herria inguratzen zuen harresia zuen. Alabaina, gaur Kale Nagusiko 4. etxean baino ez da geratzen. Hiru dorreetako bat omen zen. Herriko oinetxe ugarik armarria du, batez ere Kale Nagusian. Jasokundeko Andre Mariaren elizan Justo Antonio Olagibelen dorre liraina gailentzen da, eta XVIII. mendearen hasierako oholtza nagusia, churriguereskoa. Hirigunetik hurbil, ibaiertzean, Linares aisialdirako parkea dago futbol zelai, erretegi, mahai, eserleku, haurrentzako jolas eta guzti. Toki egokia da naturako egun batez gozatzeko. Udalerriko hiriburutik kanpo ere badira eraikuntza interesgarriak. Konparazio batera, Santurdeko San Jurgi eliza, portada erromaniko ederra duena, eta Toberako Andre Mariarena, hori ere erromanikoa (XIII. mendekoa). |