Añana Tourism
Santa Katalina Lorategi Botanikoak tximeletegia estreinatzen du eta ekintza asko antolatu ditu urte honetarako

Santa Katalinako lorategi botanikoak, aste honetatik aurrera, bisita, lantegi didaktiko eta kultur ekitaldien programa bete eta erakargarri bat eskaintzen du, Iruña Okako baliabide turistiko funtsezko gisa finka dadin. Programa horrek Arabako Foru Aldundiaren babesa du, eta berrikuntza nagusi gisa dakartza tximeletategiarekin zerikusia duten jarduerak.

Natur eta historia gune horrek, hala, egun bat gorde du datorren uztailean, aditu batek hitzaldi bat eman dezan tximeleten gainean eta animalia horiek behatzeko saio bat antolatzeko. Kudeatzaileak, gainera, eskoletako ikasleen bisita egutegi bat ari dira prestatzen datorren ikasturterako, haurrek tokian bertan ikas dezaten espezie horren metamorfosi eta bizitzari buruz.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatuak eta Javier Martínez Iruña Okako alkateak, eta haiekin batera Román Gutiérrez Santa Katalinako Lorategi Botanikoaren Adiskideen Elkarteko presidenteak gaur aurkeztu dute denboraldi berrirako jardueren programa, zeinean orobat sartzen baitira lantegi didaktikoak, sendabelarren eta bertako landareen gainekoak, lurrin eta xaboiak artisau erara egiten nahiz loreak idortzen ikastekoak.

Izarrak eta konstelazioak behatzeko saioak, berriz, leku berezia du programazio horretan, profitatuz Santa Katalina “starlight” izar parke gisa onartua izan dela: abuztuaren 10an ilargiaren festa egingo da, ekitaldi nagusi gisa. Jai hori guztiz dago erroturik, eta, urtero-urtero, milaka pertsonak gozatzen dute antzerkiz lagundutako ibilbideaz zerua behatzeko begiralekuraino.

Flamenko eta tango gaua

Santa Katalinako lorategi botanikoan, halaber, kultur ekitaldiak izango dira datozen hilabeteetan. Hala, flamenko eta tango gauak izango dira, Erdi Aroko moldeko antzerkia ere bai “Enperadorearen bidaia” izeneko antzezlanarekin, eta film bat ere emango da gauez. Eskaintza horri, beste proposamen batzuk ere gehituko zaizkio.

“Santa Katalina turismo baliabide oso baliotsua da, eta are erakargarriagoa bihurtzen da, zalantzarik gabe, jarduera eta esperientzia eskaintza indartsu batekin. Jendea kultur eta natur ondarea ikusteko mugitzen da, bai, baina, batez ere, sentitzeko, esperimentatzeko eta ikasteko mugitzen da…., eta gaurko jarduera programaren helburua, hain zuzen, horixe da”, azpimarratu dute Cristina González foru diputatuak eta Javier Martínez Iruña Okako alkateak.

Programa hori apirila eta urria bitartean gauzatuko da, eta Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak eta Lorategi Botanikoaren Adiskideen Elkarteak sinatutako elkarlan hitzarmenean ezarritako lehentasunei zor zaie. Elkarlan hitzarmenaren ardatzak dira “tximeletategi berria eta tximeleta lorategia indartzea”, jarduera botanikoa sustatzea eta lorategia turismo baliabide gisa indartuko duten ekitaldiak antolatzea.

12.000 pertsona baino gehiago etorri ziren bisitan lorategi botanikora iragan 2016an, eta natur eta historia ibilbideaz gozatu ziren, bai eta han eskaintzen diren jarduerez ere, eta, hala, 2015. urtearen aldean, % 25 hazi zen bisita kopurua. González eta Martínez bat etorri dira aipatzean ezen helburua dela “lanean jarraitzea, joera positibo hori indartzeko eta geroan ere hazteko. Badago horretarako aukera”.

“Arabako Foru Aldundiak berretsi egiten du konpromisoa aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko egonkortasunez, bidean aurrera egin eta Santa Katalina turismorako erreferentzia bihur dadin”, amaitu du esanez diputatuak.

Santa Katalina lorategi botanikoa Tresponden dago, Badaiako mendilerroaren inguruetan, Gasteiztik 14 kilometro soilera, eta nork bere kasa edo ibilbide gidatua eginez bisita daiteke. Ordutegia hau da: 10:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 15:00etara, larunbat, igande eta jaiegunetan, salbu maiatza, ekaina, uztaila, abuztu eta iraileko hilabeteetan, orduan etengabe egoten baita irekita 10:00etatik 20:00etara.

Iturria: ArabaPress




Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© Añanako kuadrilla | Ohar Legala | Añanako kuadrillara joan |
Foru enparantza, 11 · 01213 Rivabellosa (Araba/Álava) · Tel.: 945 355089 · Faxa: 945 355053
e-mail: turismo@cuadrilladeanana.es